
Argazkia berria.info-tik hartu da.
Bilbo, Gasteiz, Iruñea Munduko Arrozak jaialdia egingo dute larunbatean, kultur aniztasunaren alde
Gutxi izango dira arroza baino jaki unibertsalagoak. Leku guztietan, kultura guztietan, Afrikan zein Hego Ameriketan, oinarrizko janaria dugu arroza. Herririk behartsuenetan, janari bakarra, behin baino gehiagotan. Horregatik, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, kulturen arteko bizikidetza eta herritarren parte-hartzea aldarrikatzeko antolatu dituzten jaietan, arroza da ardatza. Bapo bazkaldu eta elkar ezagutu; ez da plan makala.
Duela hiru urte antolatu zuten lehenengo aldiz Munduko Arrozak jaialdia, Bilboko San Frantzisko auzoan. Helburua bikoitza zen: alde batetik, kulturen arteko harremanak sustatu eta aniztasuna jai giroan ospatzea, eta, beste aldetik, San Frantziskok eta inguruko auzoek jasaten duten bazterketa salatzea. Iaz, festa Gasteiz eta Iruñera hedatu zuten, eta aurten ere hiru hiriburu horietan egingo dute arrozen jaia.
Ekitaldiak goiz-goizetik hasiko dira. Bilbon, San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan antolatuko dute arrozen jaia, 10:00etatik aurrera. Gasteizen, berriz, Bueno Monreal kalea aukeratu dute horretarako, Alde Zaharrean, eta Iruñean, San Jose plaza, katedralaren ondoan.
Eguneko ekitaldi nagusia arroz lehiaketa izango da. Iaz bezala, Ekuador, Txina, Senegal, Peru etaKamerungo platerak aurkeztuko dituzte lehiaketara. Zapore, kolore eta usain askotako platerak izango dira, gurean biltzen den kultur aniztasunaren adierazgarri. Hori bai, plater guztietan arroza izango da osagai nagusia.
Lehiaketaz eta herri bazkariaz gain, ekitaldi ugari antolatu dituzte Bilbon, Gasteizen eta Iruñean: mundu osoko dantza eta musikak, kalejirak, tailerrak eta abar. Gasteizen, esaterako, horma bat margotuko dute kultur aniztasunaren aldeko mezu eta irudiekin, 11:00etan. Bilbon, berriz, Dancing in the streets izeneko ekitaldia prestatu dute bazkalosterako.
Non: Bilbo, Gasteiz, Iruñea. Noiz: Ekainak 10. Zer: Hiru hiriburuetan arroz lehiaketa eta herri bazkaria egingo dituzte. Gainerakoan, egitarauak aldatzen dira leku batetik bestera, baina guztietan tailerrak, munduko hainbat herrialdetako musika eta dantzak, haurrentzako jokoak, ikuskizunak eta abar antolatuko dituzte. Parte-hartzea: Izena emateko, Bilboko Sarean, Gasteizko Saregunean eta mundukoarrozak@yahoo.es helbidean dago aukera.
Berri hau berria.info-tik kopiatua dago eta GOTZON HERMOSILLAk idatzi du.
